Ze musika mota entzuten duzu?

martes, 19 de enero de 2010

BERRI TXARRAK

1994an Lekunberrin sortua (Nafarroa), BERRI TXARRAK taldeak sei disko eta dokumental bat kaleratu ditu orain artean. Euskal Herriko rock eszenatik abiatuta, munduan zehar hainbat bira egin ditu jada egun hirukoa den talde honek.
Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez “Rubio” (baxua) eta Aitor Orejak (gitarra) osatu zuten taldea 2003 urtera arte. Bitarte horretan taldeak lau disko plazaratu zituen, guztiak ere GOR disketxearen abaroan: Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001) eta Libre © (2003). Lehenengo biekin euskal eszenan euren lekutxoa egin bazuten, hirugarrenarekin eta batez ere Libre ©-rekin estatura irten eta prentsa musikalaren oniritzia jaso zituen (Estatuko urteko diskorik onena Rock Sound aldizkariaren erredakzioaren iritziz).
2003an Aitor Orejak taldea utzi eta Berri Txarrak-ek hiruko moduan jarraitzea deliberatu zuen, bere ibilbidean mugarri bihurtuko zen lana grabatzeko asmoz: Jaio.Musika.Hil (GOR, 2005). Karlos Osinagak (Lisabö) Erasoko baserri batean grabatu eta Kansasen (AEB) Ed Rosek nahastua izan zen. Mondosonorok, Entzunek eta bestelako aldizkariek urteko lanik onenen artean kokatu zuten bosgarren lan hau. Disko honekin, hirukoak aurreko urteetan irekitako nazioarteko ildoa sakondu eta soka luzeko bira burutu zuen, hiru urtetan berrehundik gora emanaldi eskaini zituztelarik: Japonia, Taiwan, Nikaragua, Mexiko, AEB… eta Europan barna hainbat tour etorriko ziren, horietako bat Rise Against taldeak gonbidatuta. Bira erraldoi horretan bizitakoak gordetze aldera, Berri Txarrakek 70 minutuko dokumentala kaleratu zuen, Ibon A. Totorika zinemagilea lagun. Zertarako amestu rockumental hau GOR-ek kaleratu zuen 2007an eta munduko hainbat zine jaialditan hautatua izan zen, tartean Portobelloko Film Festivala (Londres) edota Gasteizko Zinemastea.
Bira honen ostean Rubio baxulariak taldea utzi eta David Gonzalezek hartu zuen bere tokia. 2008a kantuak ondu eta nazioarteko zenbait agerraldi egiten eman ondoren (Fujirock –Japonia-, Maifest –Zürich-…), 2009ko Apirilean Chicagora jo zuen taldeak, Steve Albini soinu-ingeniariarekin batera seigarren diskoa grabatzeko xedez: Payola. Disko hau Roadrunner Records disketxe ezagunak kaleratuko du, 2009ko Irailaren 14an.

No hay comentarios:

Publicar un comentario